Euskal Herriaren ahozko ondarea arakatu eta mitoen bilduma sistematikoa osatu du Jon Mentxakatorrek bere azterlanean. Dimentsio mitikoa duten euskarazko eta ahoz jasotako 171 testu bildu ditu antologia batean, ipuinetan gordetako transzendentzia eta ipuinen arteko batasuna azaltzeko. Euskal ahozko ipuinak eta lurpeko eremua antologia eta azterketa I eta II du izenburua lanak. 

Sakabanatuta egon diren mitoak bildu dituzu. Horiek ahanzturan ez geratzea bilatu duzu? 

Ipuinei bizi berri bat ematea izan daiteke helburuetako bat, herriaren ahotik etorritakoa herriaren ahotan jartzea. Baina, lan honen helburua bestelakoa da. Ezagutzen dira mitoei buruzko hainbat bilduma, baina sakabanatuta daude, eta inoiz ez dira antologia batean jarri. Aurretik egindako lana sistematizatzen duen lan bat falta zen, baita beste batzuk egiteko aukera eskaintzen duena ere. Lana euskal ahozko komunitateari dago zuzenduta, egungo mitoekiko interesaren eta jadanik erdi ahaztuta dauden bildumen arteko erdibideko lana baita. 

171 mito bildu dituzu, baina zer izan da bilatzen zailena?

Biltzaile nagusien bildumetara heltzea ez da izan lan handia, eskuizkribuetara, oharretara edo lehen grabazioetara ailegatzea, aldiz, bai. Gauza bat da edozein liburutegitan lor daitezkeen argitalpenak aurkitzea, eta beste bat lehen edizioen zirriborroetara eta, ahal izanez gero, biltzaileen eskuzko notetara, ailegatzea. Hori izan da artxiboko lana. Behar gehien eman dit gure tradizioko aldizkari zaharretan, zenbaki eta ale guztietan bilatzen ibiltzeak. 

Izan ere, mito batzuk 1870. hamarkadakoak dira.  

Euskaraz ezagutzen ditugunak 1870etik gaur egunera artekoak dira, baina garrantzitsua da esatea biltzaile batzuk oraindik mito berriak jasotzen ari direla; nik antologian jasotako berriena 2012koa da. Mitoak kultur emaria dira, oso ahul baina bizirik daudenak. 

Iraganari buruzko datuak eskaintzen dituzte, ezta?

Nahiz eta irudimen handiko mundua erakusten duten, gurea sentitzen dugun mundua da. Fantasiazko espazio eta denbora horrez gain, elementu historikoak, kulturalak, geografikoak, demografikoak, hizkuntzazkoak... ageri dira mitoetan, eta horren guztiaren emaria jasotzeko bide oparoa dira.

Hain zuzen ere, “zentzuz betetzen dutela gure bizitza” diozu. 

Ipuinek erakusten dute beti dagoela gizatiarrena den heldulekuren bat. Gizakia ez dago erdigunean, oinarria beti da trazendentziarekin harremanetan egondako bizipenen kontakizuna. Mitoek iradoki egiten dute begi hutsez ikusten dugun mundua baino gehiago dagoela. Izan ere, ipuin hauek jaso eta ikertu ostean, saiatu naiz iradokitzen duten horri esanahia ematen. 

Iradokitzen duten eremu horri deitzen diozu lurpeko eremua?

Geografia mitikoaren arabera, lurrazaletik beherako lekua da lurpeko eremua. Eta hori nabarmendu dut hori delako antologian nagusitzen den gaia. Ez da hori bakarrik agertzen mitoetan, beste hainbat arlo ageri dira -zerua, kasu-, baina nik osatutako antologian osatuen agertzen den tokia da lurpea, jakituria lortzeko eremua, orakuloena, iluntasunarena, misterioarena.

Ekarpen berezia egiten du lanak, 171 mito ezagutarazten baititu. 

Bai, baina hamaika aldiz gehiago daude. Nahi izanez gero, unibertso ikaragarri zabala da; hala ere, gertutik ezagutu behar da horiek non bilatu, nora jo. 

Horrelako lan batek zelako ikerketa eskatzen du? 

Gaiarekiko lotura izatea eskatzen du, hainbat ertzetatik, gainera. Ezinbestekoa da euskal kultura eta hizkuntza ulertzeko gaitasuna izatea. Testuak euren jatorrizko hizkuntzan ez ulertuz gero, jai daukagu. Baina, historiaz, filosofiaz, filologiaz, antropologiaz, literaturaz... ez badakigu, laster egingo dugu estropezu. Azken finean, mito hauek guretzat oso urrun ez dagoen baina gero eta arrotzagoa egiten zaigun mundu batetik datoz, industria aurreko mundutik. Eta horrek munduan egoteko bestelako era erakusten du. Ondorioz, eskatzen du mito hauek erne diren lur horretara hurbiltzeko ahaleginik eta handiena. Bestela, distantzia handiegia izan daiteke, eta gure ezjakintasuna, ikaragarria. 

Noiztik existitzen dira?

Gizakia gizaki da berba egiten duenetik, eta berba egiten duenetik ipuinak kontatu ditu. Gizakiaren eta mitoaren agerpena gauza bat eta bera dira. Beste kontu bat da, bertan ageri diren elementuak noizkoak diren. Horretarako, joan behar gara genealogisten lanetara. Baina, era batera edo bestera, gizakiaren lehen egunsentira arte doaz mitoak. Lehenengo mitoak lehenengo sorkuntzekin daude lotuta, eta gero datoz geografiarekin edo lurpeko izakiekin zerikusia dutenak.

Konpromiso pertsonal handia eskatu dizu lanak?

Gure herria apurtuta dago, eta lan honek badauka apurketa hori osatzeko baliabideak jartzeko helburua; gure herriaren kultura eta barne espirituaren sendabiderako heldulekuak jartzea ere bada asmoa. Herri proiektuarekin lotutako obra da hau, eta esandako guztia kendu barik, konpromiso pertsonal bat ere badago atzean. Asmorik gorengoa izango litzateke hitzaldiren edo ikastaroren baten bidez ipuinak jendearen ahotan jartzea. Ziur nago irakurle guztiek ezagutuko dutela ageri den pertsonaiaren bat, baina gehienak berriak izango dira.