Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak armairu adimendunak jarriko ditu datozen asteetan Araia, Artziniega, Guardia, Murgia, Langraiz Oka eta Santikurutze Kanpezun, kuadrilla guztietako landa merkataritzari produktuak eta zerbitzuak banatzeko eta merkaturatzeko kanal berri bat eskaintzeko.

Proiektu hau Arabako Landa Merkataritzari Laguntzeko Planaren barruan dago, zeina Foru Aldundiak sustatzen baitu, EBko Next Generation funtsek finantzatuta. Plan integral horrek ia milioi erdi euro ditu, eta 5.000 biztanletik beherako udalerrietako saltegiei zuzenduta dago; halaber, beste hauek ere barne hartzen ditu: neurrirako prestakuntza, eskualdeko digitalizazio planak, lineako erosketa plataforma bat, sustapen kanpainak eta establezimendu horiei ikusgarritasuna emateko azoka ibiltari bat.

Cristina González diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak Arabako Landa Merkataritzari Laguntzeko Plan berria aurkeztu du gaur, eta azaldu duenez, "lurraldearen kohesio proiektu baten aurrean gaude, zeinaren helburua baita babestea Arabako herrigune txikien premiei eta gure herrietan bizi diren arabarren premiei erantzuten dien merkataritza".

"Premia materialak, baina baita gizarte premiak ere, landa saltegiak bizilagunen benetako elkarguneak eta gizarte harremanen iturri baitira. Landa saltegiek komunitatea letra larriz sortzen laguntzen dute", gaineratu du.

Plan honek, azaldu duenez, sektorearen esku jartzen du "sustapen, kudeaketa, merkaturatze, prestakuntza eta digitalizazio tresna multzo bat, askotan horrelako negozioen irismenetik kanpo daudenak. Landa merkataritzaren kontsumoa bere eragin eremutik harago bultzatu nahi dugu, merkaturatzea eta digitalizazioa hobetuz, eta produktibitatea indartu nahi dugu trazabilitate eta kudeaketa logistikoko ekintzen bidez, bezeroari ematen dion zerbitzua hobetzeko".

"Arabako Landa Merkataritzari Laguntzeko Plan hau abiaraziko dugu, konbikzio osoa baitugu landa merkataritza bizia funtsezkoa dela gure herriak erakargarriak izan daitezen bizitzeko eta lan egiteko eta, horrela, despopulazioa geldiarazteko, Arabako herrien sare sozioekonomikoa indartzeko, tokiko ekoizleen eta artisauen eta azken kontsumitzailearen arteko zubia izateko, bai eta bisitariak erakartzeko ere", azpimarratu du.