Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusaren eta i+Med S.Coop. enpresaren artean sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorioz, UPV/EHU-i+Med Medikuntza Pertsonalizatuko Ikasgela inauguratu dute Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultatean. Industria farmazeutikoaren arloan prestakuntza jarduerak, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatzea izango du helburu.

Farmazia arloan abangoardiako produktuak eta teknologiak ikertzen, garatzen, ekoizten eta merkaturatzen dituen kooperatiba enpresa da i+Med. Askapen kontrolatuko patenteetan oinarritzen dira produktu eta teknologia horiek, eta gizakiarentzako zein animalientzako askotariko aplikazio terapeutikoak dituzte.

Manoli Igartuak esan duen moduan, “Ikasgela honen sorrerak gure unibertsitatearen eta i+Meden arteko ia hamarkada bateko elkarlana hezurmamitzen du, Spin-off gisa hasi baitzen Arabako Campuseko enpresen mintegian”.

Arabako Campuseko Lascaray Ikergunean dagoen Inizia Enpresa Mintegian jaio zen i+Med, inkubazio aurreko fasean zegoen enpresa proiektu gisa. 2014an, Uniekintzaile Inizia Sarien IV. edizioa irabaztea lortu zuen i+Med enpresak, bere izaera berritzailea zela eta. INIZIA Arabacampus programaren baitako sariketa da hori; programa horrek hainbat jarduera hartzen ditu barne, unibertsitateko kideen artean kultura ekintzailea sustatzeko.

Ordutik, elkarlanak aurrera jarraitu du. Batez ere, ikergune horretako ikertaldeekin eta Farmazia Fakultatearekin. Azken horretako ikasleek borondatezko praktikak eta gradu amaierako lanak egin izan dituzte bertan, Eusko Jaurlaritzak deitutako lan munduratzeko beka deialdietan parte hartu dute eta/edo doktorego tesi industriala egiten ari dira lankidetzan.