Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak eta bertako ordezkaritza sindikalaren gehiengoak akordioa sinatu dute hezitzaileen lan-baldintzetan eta Haurreskolen funtzionamenduan zenbait alderdi hobetzeko.

Ordezkaritza sindikalaren %82,98ren babesa du akordioak, LAB sindikatuak –ordezkaritzaren %53,19 du- eta STEILAS sindikatuak -%29,79 du- sinatu baitute.

Zehazki, Haurreskolak Partzuergoaren Lan Hitzarmenean jasotako 12. eta 52. artikuluen aldaketa dakar sinadurak.

Unean uneko kontratazioak eta lanpostuak finkatzea

Lan Hitzarmeneko 12. artikulua aldatuta, matrikulazioan gerta daitezkeen gorabeheren aurrean, Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak urtean gehienez 11 hilabetez aldi baterako langileak kontratatu ahal izatea erabaki da. Era berean, premia hori ondoz ondoko bi ikasturtetan luzatzen bada, plaza hori egiturazkoa izango da eta hurrengo ikasturterako eskaintzari gehituko zaio.

Lanaldi murrizketa handiagoa 63 urtetik aurrera

Hitzarmenenko 52. artikuluari dagokionez –jasota dator dagoeneko 60 urtetik gorako hezitzaileek haurrei zuzeneko arretan emateko denbora egunean bi orduz murrizteko aukera–, testua hobetzea adostu da, 63 urtetik aurrera baldintza berriak jasotzeko. Hala, idazketa berriak jasotzen duenez, 63 urtetik gorako profesionalak, errelebo-kontratu baterako baldintzak betetzen ez baditu, lanaldiaren herena murriztea eskatu ahal izango du. Murrizketa hori ikasturtearen amaietan metatu eta gozatu ahal izango du.

Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak positibotzat jo dute lortutako akordioa, bai eta ordezkaritza sindikalarekin egindako elkarrizketa eta negoziazio-prozesua ere.