Gaur, maiatzak 1, zoritxarrez, gauza asko bururatzen zaizkit aldarrikatzeko. Izan ere, gezurra badirudi ere, esparru batzuetan aurrera egin ordez, atzera egin dugu. Beste batzuk, berriz, ikusezinak izan dira urte askotan, eta, gutxienez, herabeki, duela denbora gutxi, mahai gainean jarri dira. Zainketei buruz ari naiz. Gai horrekin bizi gara, denbora guztian hor dago eta, hala ere, ez da behar adina hitz egiten eta ez da zalantzan jartzen. Kontu horrek guztioi eragiten digu, gure bizitzako uneren batean norbait zaintzea tokatuko zaigulako, edo norbaitek gu zaindu beharko gaituelako. Betidanik pentsatu izan da zainketak langile bakoitzaren esparru pribatukoak zirela, eta, beraz, enpresak ez zuen inolako erantzukizunik. Era berean, lan-merkatuak lanaldi amaigabeak eta prestasun handia saritzen jarraitzen du. Hori guztia, ahaztu gabe lan hori ia beti emakumeek egin dutela. Ukaezina da zaintzea ahalegin handia eskatzen duen zeregina dela, fisikoa zein mentala, eta ingurunearen euskarririk gabe, zama handiagoa bihur daitekeena. Beraz, zaintza-politikak berrikusteak eta hobetzeak lehentasuna izan beharko luke erakunde edo enpresa guztientzat.