Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen Sailak hala proposatuta, auzoen dinamizazioa eta partaidetza soziala bultzatuko duten proiektuak egiteko bizilagun-elkarteei dirulaguntzak ematea. Aurten, 240.000 euro banatuko dituzte 27 kolektiboren artean (26 bizilagun-elkarte eta federazio bat). Bakoitzak jasoko dituen zenbatekoak 1.500 eta 14.780 euro artekoak izango dira aurkeztutako proiektuen arabera. Horrekin lotuta, gainera, nabarmendu beharrekoa da jarduera Udalak utzitako lokaletan egiten dutela.

Saileko arduradunak, Miren Fernández de Landak, aipatu duenez, “laguntza hauekin, bizilagun-elkarteen lana babestu nahi dugu, auzoetan egiten dituzten jarduerekin lotutako gastuen zati bat ordaintzen lagunduta”. Zinegotziaren arabera, “Udalak herritarren parte-hartzea sustatzeko lan egiten du hainbat ikuspegitatik eta bizilagun-elkarteak horretarako bide ona dira”.

Bestalde, Tokiko Gobernu Batzordeak 2024 urterako ekonomia zirkularreko proiektuak garatzeko laguntzen deialdia onartu du. Laguntzen zenbatekoa 90.000 eurokoa izango da eta Vitoria-Gasteizko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak bultzatutako Enpresa Sustapenerako Laguntzekin lotuta daude.

“Ekimen honen bidez, gure hirian garatzen diren jarduerak eta proiektuak bultzatu nahi ditugu, ETE-en negozio-eredua berriro diseinatzeko, ekonomia zirkularraren parametroak aintzat hartuta lehiakorrak eta jasangarriak izan daitezen”, adierazi du María Nanclaresek, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotziak.

Dirulaguntzak eskatzeko epea ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.